III. KAPITULUA

Legegintza-prozedura bereziak

1. Atala

Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege proiektua

153. artikulua

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak aztertzeko eta onesteko tramitazioa lege-proiektuetarako aurreikusita dagoen ohiko legegintza-prozedurari jarraiki egingo da, atal honetan jasotako prozedura bereziak kenduta.

154. artikulua

1. Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuak lehentasuna izango du tramitazioan Legebiltzarraren gainerako lanen aldean, eta horrek ez du berez ekarriko tramitatzen ari diren gaiak gelditzea. Horretarako, Mahaiak, Bozeramaileen Batzordearen iritzia entzun ondoren, tramiteen egutegia zehaztuko du.

2. Artikuluen testuari buruz eta gastuak baimentzeko eta diru-sarrerak aurreikusteko egoera-orriei buruz izango da Aurrekontu Orokorren lege-proiektuaren eztabaida. Beste dokumentu batzuk ere aztertu ahal izango dira, proiektuarekin batera baldin badoaz.

Eztabaida honetan finantza-orekaren irizpidea zainduko da, Autonomia Erkidegoko sektore publikoan dauden erakundeetako bakoitzari dagokionez, diru-sarrera guztiek gastuen zenbatekoa estal dezaten.

3. Aurrekontuaren egiturari ondoen egokitzen zaizkion moduan antolatu ahal izango dituzte eztabaidak eta bozketak batzordeko lehendakariak eta Legebiltzarrekoak.

4. Erakunde publikoen aurrekontuek legearen aginduz Legebiltzarrak onetsiak izan behar dutenean, atal honetako xedapenak aplikatuko dira aurrekontu horiek Legebiltzarrean tramitatzeko eta onesteko.

155. artikulua

1. Lege-proiektua kalifikatu eta tramitatzeko onartu ondoren, legebiltzar- taldeei bidaliko die Mahaiak, gehienez ere 10 eguneko epean azter dezaten.

2. Epe horretan bertan, agerraldia egingo dute Jaurlaritzaren egitura osatzen duten sailetako buruek Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordearen aurrean, zeinek beren arloetako eta ataletako aurrekontu orokorren aurkezpen ofiziala egin dezaten eta partiden izaerari eta diru kopuruari buruz informazioa emateko eta zalantzak argitzeko egiten zaizkien eskaera guztiei erantzun diezaieten.

3. Aurreko paragrafoetan aipatutako epea bukatu ondoren, argitaratu egingo da proiektua eta 15 eguneko epea irekiko da legebiltzar-taldeek, egoki baderitzote, osoko zuzenketak eta/edo zatiko zuzenketak aurkez ditzaten.

4. Hauek izango dira osoko zuzenketak:

a) Lege-proiektuaren egokitasunari, printzipioei eta espirituari buruz aritu eta proiektu osoa edo proiektuaren egitura osatzen duten aurrekontu-atal osoak Jaurlaritzari itzultzea proposatzen dutenak.

b) Lege-proiektuaren funtsezko zatietan idazkera alternatiboa proposatzen dutenak, printzipioak eta oinarri garrantzitsuak aldatuz proiektuan.

c) Guztizko gastuaren edo sarreraren kopuruetan aldaketa positiboa edo negatiboa proposatzen dutenak.

5. Artikulu honetako 4. paragrafoan sartutakoen artekoak izan gabe, artikuluen testuari eta gastuen edo sarreren baimen-egoeretako programa, kapitulu, kontzeptu edo partidei, testuarekin batera doazenei, egiten zaizkien zuzenketak izango dira zatiko zuzenketak.

6. Arau hauek izan beharko dira kontuan zatiko zuzenketak kalifikatzeko eta tramitatzeko onartzeko tramitean:

a) Aurkezteko arrazoia aurrekontu-partiden azalpenik eza duten zatiko zuzenketak ez dira tramitatzeko onartuko.

b) Kontzepturen baten kreditu-gehiketa dakarren zatiko zuzenketa tramitatzeko onartu ahal izateko, beharrezkoa izango da, zuzenketak baldintza orokorrak betetzeaz gain, beste aurrekontu-kontzeptu batzuetan kopuru bera gutxiketa egiteko proposatzea, zuzenketa berean.

7. Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren proiektuari egindako zuzenketak diru-sarrerak gutxitzea baldin badakar, Jaurlaritzaren adostasuna beharko du tramitatzeko. Legebiltzarreko Mahaiari jakinaraziko dio Jaurlaritzak bere iritzia Mahaiak halako zuzenketak igortzen dizkionetik kontatzen hasi eta gehienez ere lau eguneko epean.

156. artikulua

Zuzenketak kalifikatu eta tramitatzeko onartu ondoren, Legebiltzarraren Osoko Bilkurak osoko zuzenketak eztabaidatu eta horien gainean erabakiko du. Bozketara eramango da Jaurlaritzari bidaltzea ala ez proiektua. Guztizko sarreren eta gastuen behin betiko kopuruak finkatuta geldituko dira osoko bilkura honetan.

Ondoren, Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeak gainerako zuzenketak eztabaidatuko ditu eta bere irizpena Osoko Bilkurari aurkeztuko dio.

Osoko bilkurako behin betiko eztabaidan, taldeek hitz egiteko txanda orokorra izango dute batzordearen irizpenaz eta mantendutako zuzenketez edo boto partikularrez beren jarrera finkatzeko.

157. artikulua

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onetsita gelditu ondoren, aurrekontu-ekitaldi berari dagozkion gastu publikoak gehitzea edo sarrerak gutxitzea dakarten lege-proiektuak aurkeztu ahal izango ditu Jaurlaritzak.

Proiektu bati egindako zuzenketek eta lege-proposamenek gastua gehitzea edo sarrerak gutxitzea baldin badakarte, Erregelamendu honetako 136. artikuluan aurreikusitakoari loturik tramitatuko dira.