Legebiltzar-etxearen sarrera nagusia Floridako parkean dago. Handik sarrerako aretora sartuko gara, eta hortxe ikusiko dugu lehiateetatik sartzen den argia nola islatzen den Durangaldeko harrobietatik ateratako marmolean, kristaletan, horma zurietan eta urre-koloreko aluminioan.

Osoko bilkuren aretoa da egoitzaren bihotza. Zur noblez (gure mendietako haritzez) egindako egitura eta larru berde iluna duten eserlekuak ditu aretoak. Eserlekuak (mahai mugikorrez, telefonoz eta sistema elektronikoz hornituak), itzulpen-tresneria, audio eta bideo grabazioa, botoak kontatzeko panela eta abar funtzionaltasunaren eta lan parlamentarioaren eraginkortasunaren zerbitzura daude. Areto honetan egiten dira Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak.

Bilkura-aretoaren erdiko horman, Mahaiko kideak zuzendaritza-lanean egon ohi diren eserlekuen gainean, Eusko Legebiltzarraren ikurra dago jarrita, Nestor Basterretxeak egindako eskultura. Ikurrak "Izaro" du izena eta haritzez egina da, aretoko zur guztia bezala, eta zuhaitz baten itxura du. Elizateetako arbolen azpian legegintzan aritzeko euskal ohitura berreskuratzen eta eguneratzen du.

Aretoak eraikinaren garaiera osoa hartzen du, eta aretoaren inguruan korridore-sare bat dago, zenbait eskaileraz lotua, eta horietatik joaten da bulegoetara eta bilera-aretoetara. Horien artean daude, besteak beste, talde parlamentarioen bulegoak (egoitzaren barruko lau solairuetatik bi hartzen dituzte), eta lehendakariaren, lehendakariordeen eta Mahaiko idazkarien bulegoak.

Eraikin horretantxe daude, orobat, Legebiltzarreko gobernu-organoen, hots, Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzarraren, bilkura-aretoak. Hantxe daude Legebiltzarreko batzordeen bilkura-aretoak ere, punta-puntako tresneriaz hornituak, ikus-entzunezko edo informatikako zeinahi euskarriz era guztietako aurkezpenak egin ahal izateko. Lan-gune horien aldamenean, Jaurlaritzak gela batzuk ditu beretzako, bilkuren jarraipena egiteko eta bilkuretan parte hartzen duten kargudunei laguntzeko.

Institutu zaharrean kokatutako egoitzan legebiltzarkideek lan egiten dute. Legebiltzarkideen bilkurak eta eztabaidak hedabide askok jarraitzen dituzte. Prentsa idatzi, irrati eta telebistako langileek lan-gelak dituzte, eta bada areto bat ere prentsaurrekoak eta bestelako deialdi informatiboak egiteko.

Osoko bilkurak jendaurrekoak dira. Horretarako, palko batzuk daude bi solairutan bilkura-aretoaren inguruan eta haietatik jarrai ditzake bilkurak jendeak. Osoko bilkurak ikustera joateko, aski da prentsa eta protokolo zerbitzuarekin harremanetan jarri eta eskabidea egitea. Gainera, Legebiltzarreko bilkura guztiek zuzenean ematen dira Internet bidez. Bilkuretako irudiak horretarako atondutako gela batzuetatik prestatzen dira. Bestalde, herritarrek bilkuren gai-zerrendak eta aztergaien nondik norakoak ere jakin ditzakete, Interneten argitaratzen den bilkura-egutegia kontsultatuz. Gainera, norbaitek interesatzen zaizkion gaiak aukeratu eta modu jarraituan jaso nahi baditu, Eusko Legebiltzarrak Zabalik zerbitzua eskaintzen die dohainik herritarrei, posta elektronikoaren bitartez.