Jaurlaritzaren kontrola eta sustapena

Autonomia Estatutuak erabakitzen du Eusko Legebiltzarrak kontrolatzen eta sustatzen duela Eusko Jaurlaritzaren jarduna, eta manu hau Legebiltzarraren Erreglamenduak irudi ezberdinen bidez garatzen du:

Sustapen-funtzioa

Honetan sartzen dira ekimen parlamentario guztiak, Jaurlaritzaren egitaraua finkatzea eta horren garapenari akio egitea xede dutenak.

Lehendakaria hautatzea

Gobernu-programa bat aurrera eramateko konfiantza politikoa hautagai bati ematea esan nahi du.

Politika orokorrari buruzko eztabaidak edo gai bakarrari buruzkoak

Lehen bilkura-aldian (hau da, irailean hasten denekoan) egiten den lehen osoko bilkura Jaurlaritzako lehendakariak egiten duen politika orokorreko adierazpenari buruzko eztabaidarako izaten da. Baita ere, egin daitezke, Jaurlaritzak nahiz legebiltzarkideek eskatuta, bakoitzean gai zehatz bakarrari buruzko osoko bilkurak.

Jaurlaritzaren komunikazioei buruzko eztabaidak

Lege izango ez den testu bat Exekutiboak aurkeztu ondoren, eztabaidari ekiten zaio, eta honen amaieran Legebiltzarraren iritzia agertzen duten ebazpenak onesten dira.

Legez besteko proposamenak

Kasu honetan, talde parlamentario bat edo gehiago izaten dira lege-izaerarik gabeko proposamena aurkezten dutenak, Legebiltzarrak gai jakin bati buruz bere jarrera har dezan. Ekimen horri zuzenketak aurkez dakizkioke behin betiko onetsi edo ezetsi aurretik.

Kontrol-funtzioa

Apartatu honetan prozedura ezberdinak sartzen dira, hona nola, Jaurlaritzari konfiantza politikoa kentzetik hasi eta batik bat informazioa ematekoak direnetarainokoak.

Zentsura-mozioa eta konfiantza-mozioa

Legebiltzarrak eztabaida dezake Jaurlaritzari eman zion konfiantza erretiratu ala ez. Eztabaida Jaurlaritzako lehendakariaren eskariz egiten bada, "konfiantza-arazoa" da; alderantziz, berriz, eztabaida legebiltzarkideek eskatzen badute, "zentsura-mozioa" da. Legebiltzarrak konfiantza ukatuz gero, Jaurlaritzako lehendakariak dimisioa aurkeztu behar du.

Interpelazioak eta galderak

Bi ekimen-modu hauen bidez, legebiltzarkideei interesgarri iruditzen zaien gairen bati buruzko galderak egiten zaizkio Jaurlaritzari. Interpelazioak gai garrantzitsuagotarako izaten dira, eta, honen amaieran, interpelazio-egileak mozioa (legez besteko proposamenaren antzeko ekimena) aurkez dezake.

Agerraldiak eta informazio-eskaerak

Legebiltzarkideek behar dituzten datuak eta informazioak Jaurlaritzari eska diezazkieke, Exekutiboko kideak bertara etorriaraziz, zein idatzizko dokumentazioa bidaliz.