Legegintza-funtzioa

Autonomia Estatutuak gure Autonomia Elkarteari aitortzen dizkion zenbait gairi buruzko legegintza-ahala Eusko Legebiltzarrean egindako legeen bidez gauzatzen da. Lege hauek egiteko prozeduran fase batzuk daude:

Hasierako fasea

Legegintzarako ekimena, hau da, prozedura abian jartzeko gaitasuna, honako hauei dagokie:

  • Talde parlamentarioei, edo legebiltzarkide bati, beste lauren sinaduraz.
  • Jaurlaritzari.
  • Lurralde historikoen ordezkotza duten erakundeei
  • Herritarren legegintzarako ekimenari 10.000 euskal herritarren sinaduraren bidez .

Ekimenaren sorburua Jaurlaritza bada, hau "lege-proiektua" da; beste kasu guztietan "lege-proposamena" izena du.

Eztabaidako eta onepeneko fasea.

Proiektua aurkeztu edo proposamena aintzat hartu ondoren, zuzenketak aurkezteko epeari ematen zaio hasiera. Zuzenketa hauek jatorrizko testua bere osoan edo zati batean aldatzeko proposamenak dira. Zuzenketa hauek eskumendun batzordean tramitatzen dira. Batzorde honek, ekimena zehatz-mehatz aztertzeko, ponentzia izendatzen du sarritan, eta ponentzia honek txostena egiten du. Batzordeak aurkeztutako zuzenketen eztabaida egiten du, egoki iritzitakoak gehiengoz bere eginez eta jatorrizko ekimenarekiko aldaketak Irizpenean adieraziz. Azkenik. Osoko Bilkurak egiten du irizpen horri huruzko eztabaida eta behin betiko testua onesten du. Testu hau lege bihurtzen da.

Hau da lege-proiektu edo -proposamen gehienei aplikatzen zaien ohiko prozedura, baina badira gutxiagotan erabiltzen diren bestelako erak ere (hona nola, presako prozedura, irakurraldi bakarra, edo legea behin betiko batzordean onestea), zein berariazkoa (hona nola, Aurrekontuen Legerako prozedura).

Legebiltzarreko prozedura amaitu ondoren, onetsitako testua Jaurlaritzako lehendakariak aldarrikatzen du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da.