Europar Batasuneko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorra, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, indarrean sartu zen 2018ko maiatzaren 25ean.

Garrantzi handiko araua da hori, izan ere, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 8. artikuluan jasotako funtsezko eskubide bat arautzen baitu lehenengoz Europa osoan.

Eusko Legebiltzarrak, Erregelamendua behar bezala betetzeko, hainbat neurri hartu du. Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2018ko martxoaren 27ko erabakiaren bidez, Datuak Babesteko ordezkariaren figura sortu zen, zeinak funtsean erakundea informatu eta aholkatzeko ardura baitu datuen tratamenduari dagokionez, bai eta tratamenduaren arduradunak datuak babesteko arauak betetzen dituela gainbegiratzekoa ere.

Bestalde, Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2018ko urriaren 23ko erabakiaren bidez, datu-pertsonalen tratamenduen barne-erregistroa sortzea onetsi zuen, esan bezala, Europako Erregelamendu horren aplikazioak berekin dakartzan betebeharrak betez. Erregistro horretan daude Eusko Legebiltzarreko Administrazioak dituen datu-tratamenduak, beren elementu erabakigarri guztiekin. Eusko Legebiltzarraren jarduera gidatzen duen gardentasun-printzipioa betez, herritarrek eskura dute erregistro hori.