2011 mai 10

Arantza Quiroga: "Kontsulen Kidegoa leiho pribilegiatua da mundu osoari erakusteko Euskadik dauzkan gauza on guztiak"

Azpimarratu du euskaldunen ekintzaile-izaerak posible egin duela betiere munduari irekita dagoen gizarte bat
Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Arantza Quirogak, Bilboko Kontsul Kidegoa hartu du gaur. Carlos Lerchundi idazkari nagusi eta Hegoafrikako kontsula buru duela etorri da ordezkaritza.
Ia hogeita hamar pertsonak osatutako Kontsul Kidegoaren aurrean, eta Eusko Legebiltzarreko Mahaia lagun zuela, ganberaburuak bere poza adierazi die harrera-ekitaldian zirenei gaurko bisitagatik, eta orobat esan die Eusko Legebiltzar osoa harro sentitzen dela beraiek "leiho pribilegiatu bat direlako mundu osoari erakusteko Euskadik dauzkan gauza on guztiak, asko dudarik gabe".
"Kontsul Kidego hau Bilbon finkatu bada 1924. urteaz geroztik, hain zuzen ere izan da Euskadin aurkitu duelako, ez bakarrik harrera eta aukerak eskaini dizkion lur bat, baita ere gizarte plural eta dinamiko bat, bide eman diena laster ehun urtera iritsiko den kidego horretako guztiei beren ahalmenak garatzeko", adierazi du Arantza Quirogak.
Hainbat herrialdetako kontsulak izan dira harreran, hala nola diren Austria, Belgika, Txile, Kolonbia, Boli Kosta, Ekuador, El Salvador, Filipinak, Gabon, Guatemala, Ginea Bissau, Irlanda, Italia, Maroko, Herbehereak, Pakistan, Portugal, Hegoafrika, Turkia, Uruguai…
Eusko Legebiltzarreko lehendakariak azaldu duenez, "gure jendearen ekintzaile-izaerak egin du posible euskal gizartea betiere munduari irekita dagoen gizarte bat izatea. Euskaldunok, esan du, ez gara inoiz geure baitan itxi. Oso bestela baizik. Aurrera egin badugu, mundu zabalera atera garelako izan da, sinetsita ezen aukerarik ez duela izaten lan egiten eta bilatzen duenak baizik. Munduaren bila irteten gara, eta munduak ere jakin izan du euskaldunok aurkitzen, ezagutzen, maitatzen, geure artean gelditzeraino".
Arantza Quirogak, bere mintzaldia amaitzeko, eskerrak eman dizkio Kontsul Kidegoari hitz hauek azpimarratuz: "Euskadik, euskal herriak, berorren izaerak, euskal jendeak badute erakar-indar berezi bat, gero eta handiagoa, finkatu ez ezik indartu ere egingo dituena gaur gure artean dugun Kontsul Kidegoa eta beronen oraingo eta geroko jarduna".