2011 eka 07

Legebiltzarreko presidenteak hurrengo belaunaldien lankidetza eskatu du "esperantzaz beteriko etorkizun bat eraikitzeko"

Haurren osoko bilkura zuzendu du, Legebiltzarrak SOS Haurren Herrixkak erakundearekin batera antolatuta
2011.06.07 Pleno Infantil 3 Jaitsi

Eusko Legebiltzarreko presidente Arantza Quirogak, eta Ganberako Mahaiko gainerako kideek, "Legebiltzarkide egun batez" serieko haurren osoko bilkuraren beste edizio bat zuzendu dute gaur. Bilkura SOS Haurren Herrixkak erakundearekin batera antolatu du Legebiltzarrak eta bertan bildu dira Euskadiko hiru ikastetxetako 75 ume, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik etorriak.

"Zuek, umeok, eta guk, helduok, helmuga bera daukagu; zuek, ikasleek, eta guk, politikariek, helburu bera daukagu: gizarte hobe bat lortzea. Eta bakoitzak, bere eremu konkretutik, ahaleginak egin behar ditu helburu hori lortzeko". Hitz horiek esan dizkie legebiltzarburuak eskola-umeei bere hitzaldiaren hasieran.

"Gogoeta egin, lankidetzan aritu, partekatu", horiek funtsezko balioak dira gaurkoaz oso bestelako jokaleku global bat marrazteko. Aktuatu baino lehen gogoeta egiteak abusu asko saihestuko lituzke; lankidetzan arituta ahaleginak biltzeak aldatu egin dezake mundua; eta partekatu aditza benetan jokatzeak gizartea orekatuago eta justuago bihurtzen du".

Arantza Quirogak uste du ezen "gure eguneroko jardunean sartzen badugu gogoeta asko eta lankidetza ugari, eta eskuzabalak bagara partekatzeko orduan, orduan argi dago asko aurreratu dugula, eta gure munduak igarriko du".
Ganberako lehendakariak eskola-umeei azaldu die ezen orain berek okupatzen dituzten eserlekuetan egon ohi diren legebiltzarkideek "ere onena bilatzen dutela zerbitzatu nahi duten gizartearentzat. Eta onenaren bilaketa hori egiten dute gogoetatik abiatuta, denen lankidetza eskatuz, eta betiere desiatuz gero eta gehiago izan daitezela euskal herritarrak elkartzen gaituzten eta partekatu ditzakegun balioak". Quirogak nabarmendu du hori lan itzela dela, eta hartarako laguntza eskatu die umeei, esperantzaz beteriko etorkizun bat eraiki ahal izateko.
Arantza Quiroga pozik agertu da ikustean eserlekuak okupatzen dituztela "pertsona batzuek, kasu honetan umeak, zeinen problemez askotan hitz egin baitugu hemiziklo honetan". Azkenik, eskerrak eman dizkio SOS Haurren Herrixkak erakundeari, beste urte bat gehiagoan Eusko Legebiltzarrarekin kontatu duelako "Legebiltzarkideak egun batez" serieko haurren beste osoko bilkura bat antolatzeko.
Legebiltzarreko presidenteak adierazi duenez, "balioetan hezitzea da, dudarik gabe, gaurko mundua modu egokian eraldatu ahal izateko tresnarik onenak eskuratzea. Eta egunotan eztabaidagai izan dituzuen balioak funtsezkoak dira lortzeko gizarte bat ez bakarrik hobea, baizik eta integratuagoa, toleranteagoa, desberdin denarekin adikorragoa, ingurumenarekin sentiberagoa.