2011 mai 27

Eusko Legebiltzarreko lehendakariak familiari protagonismoa eta norbanakoari burujabetza itzultzearen alde egin du, elkarrekiko bizitza errazten duten balioak berreskuratzeko

ABC egunkariak antolatutako “Un proyecto de regeneración para España” mahai-inguruan
2011.05.26 Foro ABC Jaitsi

Eusko Legebiltzarreko lehendakari Arantza Quirogak familiari protagonismoa itzultzea defendatu du gaur, elkarrekiko bizitza ahalbidetzen duten balio batzuk berreskuratzeko helburuarekin.
Arantza Quirogak parte hartu du Madrilen gaur arratsaldean ABC egunkariak antolatutako "Un proyecto para la regeneración de España" izeneko mahai-inguruan. Bere agerraldian norbanakoaren eta familiaren esparruko birsortzeaz eta balioetan hezteaz jardun du.
"Esperientziak ezer irakasten badigu" esan du "hura da politikoek ez dugula esku hartu behar oinarrizko balioak berreskuratzeko bide horretan. Sendatze-prozesua etxean hasi behar da eta, horretarako, norbanakoari eta hurrean duen inguruari, familiari, burujabetza itzuli behar diogu. Hala, protagonismoa gizarte zibilari itzuli behar diogu, eta ez dugu gure iritzi edo aurreiritziak lege edo hezkuntza-arau bihurtzen saiatu behar".
Arantza Quirogaren ustez, bake- eta bizi-balioetan hezteak "gizarte zibil gehiago eskatzen du; Gobernutik egindako inposizio ideologiko gutxiago eskatzen du, pertsona askeak izan nahi dugulako".
Eusko Legebiltzarreko lehendakariak funtsezkotzat jotzen du argi eta garbi izatea benetako hezkuntza etxean hasten dela. Familiak irakatsitako balioak gure oinarrizko bizitza-aukerak zehazten dituzte, onerako zein txarrerako. Irakaskuntza-erakundeak, publikoak zein pribatuak, ez daude hor gurasoen zeregina "kanpora ateratzeko", haren osagarri izateko baizik, edonola ere.
"Gure gazteei irakatsi behar diegu oinarrizko eskubideak muga zeharkaezinak direla; giza biziaren duintasuna balio absolutua dela, gure desadostasunaren sakontasunaren gainetik. Funtsezkoa da, berretsi du, familiari protagonismoa itzultzea, hortxe dagoelako gure etorkizunerako gakoa".
Bere agerraldian, Eusko Legebiltzarreko lehendakariak politikariek aldarrikatu eta kontuan izan behar dituzten arlo publikoko balioak ere izan ditu hizpide. austeritatea, erantzukizuna, umiltasuna. "Austeritatea, azpimarratu du, presazko abenturetan ez gaitezen sartu; erantzukizuna gure ekintzen eta gure erakundeei ematen diegun erabileraren ondorioak neurtu ditzagun, epe luzea demagogia elektoralagatik ez sakrifikatzeko; eta umiltasuna ez dezagun pentsatu gure herritarrek baino gehiago dakigula eta ez gaitezen saiatu ulertzen ez dugun hori kontrolatzen".