2011 eka 02

Eusko Legebiltzarreko lehendakariak Hirugarren Munduko hainbat haurren deserrotze familiarraren drama salatu du, beren anai-arreba biologikoengandik bananduta daudelako

Euskal Ganberan, "Anai-arrebak" erakusketa inauguratu du, Legebiltzarrak SOS Haurren Herrixkak erakundearekin elkarlanean antolatua
02.06.2011 Aldeas Infantiles 2 Jaitsi

"Hirugarren Munduko herrialde askotan haurtzaroan gertatzen den deserrotze familiarra drama gogor bat da, zuek lehenengo argazkitik sumatu ahal izango duzuena, erretratatutako umeekin gurutzatzen duzuen lehenengo begiradatik".
Horrela mintzatu da gaur goizean Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Arantza Quiroga, Euskal Ganberak eta SOS Haurren Herrixkak erakundeak elkarrekin antolatutako "Anai-arrebak" izeneko erakusketa inauguratzean. "Axolagabe inor uzten ez duen erakusketa", esan du lehendakariak.
"Berbek, esaten direnean, kokapen bat iradokitzen digute beti eta leku konkretu eta prefijatu batzuetaraino eramaten gaituzte nahita; soinuek ere, sarritan, atmosfera intentzionatu bat sortzen dute, ororen buru inguratzen gaituena; baina irudiak, kasu honetan argazkiak, zabalik uzten dizkigu interpretazio guztiak eta zuzenean interpelatzen dio bere aurrean isilik jartzen denari. Argazkia deigarri gertatzen zaigu, argazkiak bilatu egiten gaitu bere begiradarekin. Argazkiak, finean, zirrara eragiten digu".
Erakusketan zehar, Legebiltzarreko lehendakariak lagun izan ditu SOS Haurren Herrixkak erakundeko presidenteorde Javier Martín Burillo eta erakusketako erretratuen egile Iván Hidalgo argazkilaria. SOS Haurren Herrixkak erakundeak bizi-eskubide unibertsal bat defendatzen du: anai-arrebak elkarrekin mantentzea beren familia biologikoarekin bizi ezin direnean.
"Inor ez da irtengo sartu den bezala", azpimarratu du Arantza Quirogak. Hemen Ivan Hidalgok aurkezten digun salaketa-argazkia dardara eragiten duen lekukotasun bat da, askotan ezezaguna zaigun eta beste askotan kasu egiten ez diogun errealitate batena. Hirugarren Munduko herrialde askotan haurtzaroan gertatzen den deserrotze familiarra drama gogor bat da, zuek lehenengo argazkitik sumatu ahal izango duzuena, erretratatutako umeekin gurutzatzen duzuen lehenengo begiradatik".

Legebiltzarburuak eskerrak eman dizkio SOS Haurren Herrixkak erakundeari, Eusko Legebiltzarra agertoki egokitzat hartu duelako erakusketa ipintzeko eta uste izan dutelako Eusko Legebiltzarra dela instituzio bat ateak zabal-zabalik dituena inguruan dauzkagun era bateko eta besteko errealitate sozialetara. Jakizue zuek denok ezen ekimen honekin lagundu duzuela Legebiltzar hau denon etxe bihurtzen, eta hori helburu bat da legebiltzarkide bakoitzak gogor lan eginez lortu nahi duguna".