2019 aza 08

VII. EUSKARAZKO EZTABAIDA TXAPELKETA

Mondragon Unibertsitateko ikasleak izan dira talde irabazlea eta Deustuko Unibertsitateak eraman du bigarren saria. Deustuko Unibertsitateko Irati Rico Fernández hautatu dute hizlaririk onena
Lekua Eusko Legebiltzarra
Datak: oir, 08/11/2019 - oir, 08/11/2019
Ordua: 11:30-14:00
Emisioa:
  • Kanala 3
  • VII. EUSKARAZKO EZTABAIDA TXAPELKETA Unibertsitate arteko Eztabaida Liga Euskaraz Jaitsi

    Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak antolatuta eta Eusko Legebiltzarrak lagunduta, euskara haien jardunean erabiltzen duten unibertsitateen artean egiten da txapelketa hau. 2019ko txapelketan, honako unibertsitate hauek hartu dute parte: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea.

    Eusko Legebiltzarrak bigarren aldiz hartzen du txapelketa osoa; izan ere, txapelketaren lehen jardunaldia, aurrekoetan, UPV-EHUko Letren Fakultatean egiten zen. Urtero egiten den liga iaz Nafarroako Parlamentuak hartu zuen.

    Ikuspegi berezia eskaini dute jesarlekuek: Ligan parte hartzen duten taldeetako ordezkariek bete dituzte legebiltzarkideek eta Eusko Jaurlaritzako kideek bete ohi dituzten lekuak. Taldeen ordezkariek denbora neurtua izan dute hitz egiteko. (Alde eta aurkako jarrerak 4 minutuko txandak izan dituzte beren jarrrera azaltzeko, ondoren 5 minutuko bina txanda ezeztatzeko, eta amaitzeko 3 minutu.)

    Formatu hau txapelketa honetan parte hartuko duten hiru eztabaidetan errepikatu da, eta talde guztiak, egokitzen zaien jarrera (beti zozkatu ondoren) defendatzen saiatu dira esaldi honen bueltan: Etxebizitzarako eskubidea jabego pribatuaren aurretik al dago?

    Azken eztabaidaren aurretik, Unibertsitateko agintariek, Legebiltzarreko lehendakariak eta Mahaiko kideek aukera izan dute bertaratutakoak agurtzeko; gero, gainerako gonbidatuek bezala, palkoetatik jarraitu dute eztabaida. Hiru eztabaidak bukatuta, epaimahaiak banakako eta talde onenak saritzeko erabakia hartu du.

    Epaimahaiak erabaki ondoren, Tomas Moro aretoan izan da sari-banaketa. Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko erretoreordeak banatu dituzte diplomak, eta Jon Zarate erretoreordearen hitzek eman diote amaiera VII. Unibertsitate Ligaren edizio honi.