2020 mar 18

EUSKO LEGEBILTZARREKO DIPUTAZIO IRAUNKORRAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Lehendakariaren martxoaren 17ko 7/2020 Dekretuaren balorazioa, apirilaren 5eko hauteskunde-deialdia indarrik gabe uzten duena

EUSKO LEGEBILTZARREKO DIPUTAZIO IRAUNKORRAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

COVID-19 birusak eragin duen pandemiak sortutako osasun-krisiak eta Eusko Legebiltzarrerako 2020ko apirilaren 5eko hauteskundeen deialdiak denboran bat egin baitute, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrak honako adierazpen instituzional hau adostu du:

Lehena.- Diputazio Iraunkorra bat dator lehendakariaren martxoaren 18ko 7/2020 Dekretuaren diagnostikoarekin, zeinak indarrik gabe uzten baitu 2020ko apirilaren 5eko hauteskundeetarako deialdia. Ez dago oinarrizko baldintzarik hautestontzietara deitutako herritarrek askatasunez erabil dezaten botoa emateko eskubidea. Hauteskunde-prozesuak gaixotasuna zabaltzeko arrisku argia dakar eta horrek, birusaren portaera oso kutsakorra baita, baliogabetu egingo lituzke ordura arte gaixotasuna geldiarazteko hartutako neurriak.

Bigarrena.- Osasun-krisiaren egungo testuinguruan, herritar guztien lehentasuna da, funtsean, kutsadura-kasuak lehengoratzea, kaltetutako herritarren oinarrizko beharrei erantzutea eta birusaren hedapenak gure laneko eta familiako bizitzaren arlo guztietan eta gure egitura ekonomiko eta sanitarioan eragiten dituen murrizketen ondorioak gutxitzea.

Hirugarrena.- Diputazio Iraunkorrak neurrikotzat jotzen du 2020ko martxoaren 16an, lehendakariak eskatuta, alderdi politikoek egindako bileran adostutako neurria. Egungo testuinguruak –pertsonak biltzea edo elkartzea dakarten jarduera publiko eta pribatu guztiak etenda eta isolamendu-neurri zorrotzak aplikatuta–, hauteskunde-egunari eragiteaz gain, izugarri zailtzen ditu kanpainako ekitaldiak, programa politikoak komunikatzea eta programa politikoen konfrontazio publikoa.

Laugarrena.- Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak, hauteskunde-prozesuari lotutako askatasun publikoak behar bezala erabiltzen direla zaintzeko ardura duen organoa den aldetik, berretsi du, martxoaren 17ko bileran, apirilaren 5eko hauteskundeak bertan behera uzteko beharrizana,  adostutako ezohiko neurriak bertan behera utzi arte. Horrek esan nahi du hauteskunde-izapide guztiak berriro hasi behar direla erroldan sartu berri diren herritarren boto-eskubideak babesteko.

Bosgarrena.- Legebiltzarraren desegite-egoera luzatzen den bitartean, Diputazio Iraunkorrari dagokio Ganberaren ahal eta eginkizun guztiak zaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-orekaren berme nagusi gisa, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan eta Ganberaren Erregelamenduan jasotako eskuduntzen esparruan. Diputazio Iraunkorrak egingo du Eusko Jaurlaritzaren jardueraren beharrezko  kontrol eraginkorra hauteskunde berrietatik sortutako Ganbera eratu arte.