Eusko Legebiltzarrean egin da Unibertsitate arteko VII Euskarazko Eztabaida Liga
Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren Arloko Errektoreordetzak antolatuta eta Eusko Legebiltzarrak lagunduta, euskara haien jardunean erabiltzen duten unibertsitateen artean egiten da txapelketa hau. 2019ko txapelketan, honako unibertsitate hauek hartu dute parte: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea.
Eusko Legebiltzarrak bigarren aldiz hartzen du txapelketa osoa; izan ere, txapelketaren lehen jardunaldia, aurrekoetan, UPV-EHUko Letren Fakultatean egiten zen. Urtero egiten den liga iaz Nafarroako Parlamentuak hartu zuen.
Ikuspegi berezia eskaini dute jesarlekuek: Ligan parte hartzen duten taldeetako ordezkariek bete dituzte legebiltzarkideek eta Eusko Jaurlaritzako kideek bete ohi dituzten lekuak. Taldeen ordezkariek denbora neurtua izan dute hitz egiteko. (Alde eta aurkako jarrerak 4 minutuko txandak izan dituzte beren jarrrera azaltzeko, ondoren 5 minutuko bina txanda ezeztatzeko, eta amaitzeko 3 minutu.)
Formatu hau txapelketa honetan parte hartuko duten hiru eztabaidetan errepikatu da, eta talde guztiak, egokitzen zaien jarrera (beti zozkatu ondoren) defendatzen saiatu dira esaldi honen bueltan: Etxebizitzarako eskubidea jabego pribatuaren aurretik al dago?
Azken eztabaidaren aurretik, Unibertsitateko agintariek, Legebiltzarreko lehendakariak eta Mahaiko kideek aukera izan dute bertaratutakoak agurtzeko; gero, gainerako gonbidatuek bezala, palkoetatik jarraitu dute eztabaida. Hiru eztabaidak bukatuta, epaimahaiak banakako eta talde onenak saritzeko erabakia hartu du.
Epaimahaiak erabaki ondoren, Tomas Moro aretoan izan da sari-banaketa. Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren Arloko erretoreordeak banatu dituzte diplomak, eta Jon Zarate erretoreordearen hitzek eman diote amaiera VII. Unibertsitate Ligaren edizio honi.