2018 urr 10

Eusko Legebiltzarraren Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 2018-2021 I. Plana martxan da

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak irailaren 25ean onetsi zuen plana zein bederatzi hilabeteko barne lanaren ondorioa den, honako helburu honekin: erakundearentzat prozesu aberasgarri bat zehaztea benetako berdintasuna lortzearen alde.
Eusko Legetzarren I. Berdintasun Plana Jaitsi

Eusko Legebiltzarra osatzen duten esparru guztietatik egindako ekarpenak jasotzen ditu planak: administrazio parlamentarioa, legebiltzarkideak eta talde eta organoei adskribitutako langileak. Hauek guztiek, planaren fase desberdinetan proposatutako ekintzetan parte hartuz egin dituzte ekarpenak, esaterako; galdeketak, elkarrizketak edo trebakuntza.

Aipagarria da proiektu honen lehen urratsean parte hartu duten pertsonen kopurua, gizon emakumeen parte hartze orekatuarekin, honela, kudeaketa tresna on bat lortu da berdintasuna lortzeko bidean.

Planak jaso egiten ditu, alde batetik diagnosi dokumentuaren emaitzak, non erakundearen hasierako egoera aztertzen den, eta beste alde batetik hurrengo urteetan aurrera eramango diren ekintzak, konkretuki 2018 urtetik hasita 2021. urtean bukatze-artekoak. Ekintza hauek lau helburu estrategikotan multzokatzen dira, helburu horietatik 11 ekintza lerro eratortzen dira, 38 ekimenekin. Lau helburu estrategikoen xedea da Eusko Legebiltzarreko antolaketa maila guztietan genero ikuspegia txertatzea. Horretarako, ekintzek honako hau lortu nahi dute:

  1. Gobernu ona sustatu Eusko Legebiltzarreko antolakuntzan eta funtzionamenduan berdintasuna txertatzeko
  2. Eusko Legebiltzarreko kontziliazioa eta denboraren kudeaketa hobetu
  3. Osasuna eta lan giroa hobetu genero ikuspegitik
  4. Berdintasunaren aldeko komunikazioa sustatu eta emakumeen parte hartze politikoa ikustarazi

Horretaz gain, planak ekintzei lehentasuna ematen die. Ekintzak ez dira denak batera burutzen, baizik eta urteko plan bat aurkezten da non helburuen betetze mailaren jarraipena eta ebaluaketa egiten den. Ekintza hauek modu optimoan burutzeko, erakundea osatzen duten pertsona guztien ekarpena behar dela gogorazi egiten da.

2005ean, Eusko Legebiltzarrak, 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa, onartu zuen. Lege hau gure herrialdearen berdintasun politiketarako mugarria izan da. Lege honek zehazten ditu zein diren, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, herri aginteek dituzten eginkizunak. Betebehar bi ezartzen dizkiete herri aginteei: bat, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna eta erreala izateko baldintzak bultzatu eta oztopoak eraistea, eta, bestea, berdintasuna sustatzea herri-aginteen politika eta ekintza guztietan.

Hori guztia dela eta, Eusko Legebiltzarreko lehendakariak berdintasun plan baten gauzatzea bultzatu zuen eta 2017ko uztailean Mahaiak Murgibe, S.L.-ri, berdintasun gaian homologatutako aholkularitzari, esleitu zion plana egiteko kontratua.

Proiektua 2017ko abenduan hasi zen, berdintasun planaren ildo nagusiak aurkeztuz. Momentu horretatik aurrera Eusko Legebiltzarra osatzen duten esparru guztietan egindako prestakuntzak, elkarrizketek eta parte-hartze tresnek diagnosi bat burutzea ahalbidetu zuten, 2018ko ekainean bukatu zena. World café baten bidez diagnosia sektore guztiekin alderatu ondoren, gaur onartu den plana eta ekintza definitiboak landu egin ziren, gaurtik aurrera martxan jarriko direnak lau helburu estrategikoetan multzokatuta.

Planarekin zerikusirik duen informazioa honako lotura honetan aurkitu dezakezue: BERDINTASUNA, eremu hau herritarrentzat eta Eusko Legebiltzarreko sektore guztientzat eskuragarri dago, bertan bai plana bai planaren ondorengo garapen eta aplikazioak kontsulta daitezke.