2018 abe 05

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Bakartxo Tejeria, ordezkaritza parlamentarioaren buru bezala, Durangoko Azokako inaugurazio ekitaldira joan da

Eusko Legebiltzarra berriz izango da Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan. Legebiltzarrean legebiltzar-eztabaidaz aparte egiten den lana ezagutzera eman nahi du erakundeak.

Aurten, “De la biografía a la prosopografía: los parlamentarios de la Comunidad  Autónoma Vasca (1977-1982) Aritz Onaindia Martínez egilearen doktoretza-tesia eta Irisgarritasuna Sustatzeko Legearen sorreraren 20. urteurrena “Legeen geroa - Futuro de las leyes” mintegian aurkeztu dituzten hitzaldiak biltzen dituen argitalpena dira bi nobedadeak.

Durangoko Azoka duela 53 urte jaio zen, euskaraz ekoitzitako liburu eta diskoak ezagutarazteko xedeaz; eta denborarekin, urteroko elkargune bihurtu da euskal kulturarekin lotutako argitaletxe, diskoetxe eta talde kulturalentzat, non bere argitalpenak aurkezten baitituzte.

Eusko Legebiltzarrak helburu honekin bat egin du, urteak joan urteak etorri, zenbait bildumarekin zabalduz joan den argitalpen-katalogoa aurkezteko. Testuak ez daude nahitaez lege-gaiekin zehazki lotuak, eta Azokako Barrenkale 25eko saltokira hurbiltzen diren guztientzat egongo dira eskuragarri.

Eusko Legebiltzarreko argitalpenak bildumatan daude sailkatuta, horietako batek “Euskal Azterlanak” du izena, eta erakundearen dokumentu-funtsak ezagutzera eman nahi ditu, euskal kulturarentzat garrantzi handia duten materialak, alegia. Aurten, gainera, Eusko Legebiltzarrak argitaratu dituen bi nobedade aurkezten ditugu.

Lehenengoa honako hau da: De la biografía a la prosopografía: los parlamentarios de la Comunidad Autónoma Vasca (1977-1982)” Eusko Legebiltzarrak aurkezten duen argitalpen berri hau Aritz Onaindia Martínez egilearen doktoretza-tesia da. Lana UPV/EHUko Historia Garaikideako Sailak garatzen ari den ikerketa-proiektu baten parte da. Jarraipena ematen die beste bi libururi: Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876) eta Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1876-1939) izenekoei hain zuzen,  Legebiltzarrak 1993 eta 2007 urteetan plazaratutakoak hurrenez hurren. Azterlan honek erakusten du garai demokratikoaren hasieran EAEn garatutako  ordezkaritza politikoaren eredua. Gure errealitate parlamentarioa, alderdi-sistemaren ikuspegitik ikertzen du; eta ordezkaritza parlamentario bereizi eta propioa dagoela nabarmentzen du, Espainiako Estatu osoko sistemarekin konparatuta. 1977 eta 1982 urteen artean egindako hauteskunde-prozesuen ondorioz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Gorte Nagusietan (Diputatuen Kongresua eta Senatua) eta Eusko Legebiltzarrean ordezkatu zituzten 142 legebiltzarkideen azterketa soziologikoa proposatzen du  lanak. Horretarako egileak zenbait legegintzaldiren analisia eskaintzen du: Eusko Legebiltzarra: I. Legegintzaldia (1980-1984), Gorte Nagusiak: Legegintzaldi Konstituziogilea (1977-1979), I. Legegintzaldia (1979-1982), II. Legegintzaldia (1982-1986).

Bigarren argitalpena “Irisgarritasuna sustatzeko legearen urteurrena” da. 2018ko urtarrilean Eusko Legebiltzarrean “Legeen Geroa: Irisgarritasuna Sustatzeko Legea” izena zuen mintegiarekin batera hasi zen “Legeen geroa-Futuro de las leyes” mintegi-sail berria. XI. Legealdian zehar egingo den mintegi-sail honek, Legebiltzarrak onartu dituen legei buruz hausnartzea helburu, urtean urteko edizioari dagokion legea ebaluatu eta haren garapenak eta inplementazioa aztertzea. Halaber, etengabe aldatzen ari den gizarteak araudi testuetan zabaltzen dituen hobetzeko aukeren inguruan hausnartu nahi du. Mintegi sail honi ekiteko aukeratu dugu hogei urte bete berriak dituen 20/1997 Legea, abenduaren 4koa, Irisgarritasuna Sustatzekoa. Eta ez da, inondik ere, kasualitatea izan. Hogei urte bete berri dituen Irisgarritasun Legeak ahalbideratu baitu gure gizartea eraldatzea, guztion artean aurrerapauso nabarmenak ematea, pertsona ororentzako berdintasunaren bidean. Lege horren inplementazioan parte hartu duten sektoreek legearen egungo egoera, eragina eta geroa aztertzen dute. Orain, Legebiltzarreko argitalpen berri honek, mintegian aurkeztu dituzten hitzaldiak biltzen ditu.

Hori horrela, Eusko Legebiltzarreko argitalpen ez ofizialak handitzen dira 1980. urtetik aurrera herritarrei ezagutzera emateko. Ekimen honekin, Eusko Legebiltzarrak, beste kultura-espazio batzuetarako bidea urratzen du, egiten diren lanak sektore guztien eskura jarriz, betiere, erakundea herritarrengana hurbiltzeko helburuaz.