2018 ira 28

Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta mahaikideek eman diete atzo onartu zen adierazpen instituzionala Euskaltzaindiaren ordezkariei

Euskaltzaindia bere osoko bilkura egiten ari da egoitza parlamentarioan. Akademiak egindako lana aitortzeko ekitaldi instituzionala amaitu denean hasi da Arantzazuko jardunaldien aurreko bilkura.
Euskaltzaindia Jaitsi

Aurten ehun urte beteko dira Euskaltzaindia sortu zenetik. Mende oso bat Akademiak euskararen alde, bai bera ikertzen, bai bera jagoten.

 

“Eusko Legebiltzarrak bat egiten du Euskaltzaindiaren mendeurren ekitaldiekin eta euskal herritar guztiei gonbita egin nahi die bat egin dezaten Euskaltzaindiaren ehungarren urte hau dela-eta izango diren ekitaldiekin”. Honela dio Eusko Legebiltzarrak atzo onartu zuen adierazpen instituzionalak eta gaur testu hau jasotzen duen adierazpenaren kopia eman zaio Euskaltzaindiari, Legebiltzarrak erakunde honekin dauzkan loturak berresteko.

 

Eusko Legebiltzarrak Euskaltzaindiaren lana aintzat hartu nahi du euskara batuaren sorrerak euskararen historian eta, halaber, euskararen normalizazioan duen garrantzia aitortzen du, euskara gizarte bizitzako hainbat jardunetara normaltasunez hedatu ahal izateko ezinbesteko tresna izan baita.

 

Euskararen Akademiaren ehungarren urteurrenaren ekitaldien baitan, 2018ko urriaren 4an, 5ean eta 6an Euskaltzaindiak berak jardunaldi akademikoak antolatu ditu Arantzazun, hain zuzen ere duela 50 urte han bertan egindako Batzar hura egin zeneko data berdinetan, euskararen batasuna aztergai duela.

 

Eusko Legebiltzarrak euskararen etorkizunean eta garapenean euskara batuak izan behar duen garrantzia eta egitekoa aitortu eta azpimarratu nahi du, eta berretsi egiten du gizarte-erabilera orotarako duen balioa, euskara batua bera hizkuntzaren normalizazio prozesuan ezinbesteko bihurtzen duena.

 

Eusko Legebiltzarrak euskararen estandarizazioan aitzindariak, pertsonak, elkarteak eta, bereziki, Euskaltzaindiaren ibilbide eta jardun akademiko eta historiko osoa aitortzen eta eskertzen du eta, une honetan, bereziki hizkuntzaren batasunari dagokionez egin duen lana eta ekarpena.