2019 ots 18

Eusko Legebiltzarrak "Autogobernua eraikiz" plataforma digitala jarri du martxan

Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta Autogobernuaren ponentziaren koordinatzaileak herritarrek parte hartzeko hiru tresna aurkeztu dituzte gaur: plataforma digitala, ahots-postontzia eta posta helbide bat. Horien bitartez euskal autogobernua eguneratzeko oinarriei eta printzipioei ekarpenak egin ahal izango zaizkie.
Autogobernuari buruz herritarren parte hartzea Jaitsi

www.autogobernua.eus

Herritarrek parte hartzeko plataforma aurkezteko prentsaurrekoa

Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriak gogorarazi duenez, irailaren 12an autogobernu ponentziak euskal autogobernua eguneratzeko oinarriak eta boto partikularrak onartu zituen, eta urriaren 26an, talde tekniko bati mandatua eman zitzaion indarrean dagoen Autonomia Estatutua erreformatzeko lege proposamenari buruzko testu artikulatuaren hasierako proposamena idazteko, kongruentziaz eta ponentziak adostutako oinarrien arabera. "Orain, 'Autogobernua eraikiz' plataforma digitala aurkeztu dugu, euskal herritarrek, autogobernua eguneratzeko oinarri horiei dagozkien ekarpenak egin ditzaten", azaldu du, "Ponentziak berak erabaki zuen plataforma bat herritarren esku jartzea".

"40 urte igaro dira Gernikako Estatutua onartu zenetik, eta euskal autogobernua eguneratzeko garaia iritsi da", azpimarratu du eta plataforma berriaren helburua honako hau dela nabarmendu du: "Nahi duen orok bere ekarpena egin dezala estatus berria egiteko prozesuan".

Euskal ganberaren web orrialdetik sarbidea duen www.autogobernua.eus plataforma digitalaz gain, Eusko Legebiltzarrak telefono bat ere jarri du ahots-postontzi batekin (945 00 42 53), bere gogoetak ahoz egitea nahiago dutenentzat; eta helbide bat posta bidez bere ekarpena egin nahi dutenentzat.

Plataformaren bidez, telefonoz edo postaz jasotzen diren ekarpen guztiak aditu-taldeari eta talde parlamentarioei helaraziko zaizkie.

Jone Berriozabal ponentziako koordinatzaileak azpimarratu duenez, "Gure proposamenak aberastu egin daitezela" herritarren ekarpenen bidez eta guztiei eskatu die euren iradokizunak bidaltzeko gaur aurkeztutako tresnen bidez. "Garrantzitsua da herritarrek jakitea euren mezuak entzun eta irakurriko dituztela Legebiltzarreko talde guztiek eta orain testu artikulatuaren idazketan lan egiten duten bost adituek. Jakin dezatela lan hori baliotsua izango dela gure gizartearen aniztasuna islatzeko".

"Autogobernua eraikiz" plataforma gaur aktibatu da, eta martxan egongo da Legebiltzarrean testu artikulatua lege proposamen gisa tramitatu ahal izateko aurkezten duten arte. Hortik aurrera, parte hartzeko ohiko tresnak erabiliko dira – esaterako, ADI! Plataforma–, herritarrek bere ekarpenak egiten jarraitu ahal izateko eta talde parlamentarioek bere zuzenketak aurkezteko orduan kontuan hartu ahal izan ditzaten, bai eta eztabaida- eta onarpen-prozesuan ere.