2020 mar 17

Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordea bildu da

Bide telematikoen bidez bilera Justizia Jauregietan izan da

Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak eman digun entzunaldi-izapidea kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak honako iritzia eman du:

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordea bat dator  indar politikoen adostasunarekin, gaur egungo egoeran ezin baita hauteskunde-garapenarekin jarraitu.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak zilegitzat, proportzionatutzat eta zuzenbidearen arabera jotzen du 2020ko apirilaren 5erako deitutako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak indarrik gabe uzteko proposamena, Lehendakariaren martxoaren 18ko 7/2020 Dekretu-proiektuan jasota dagoena.

3.- Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordea bat dator Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak eta Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak igorritako txostenean jasotako irizpidearekin. Bertan adierazten denez, hauteskunde-deialdia ondoriorik gabe uzteko neurriek esan nahi dute honako hau: "Deialdia baliogabetzea, beste deialdi bat deitzeko betebeharrarekin, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legearen 46. artikuluak ezartzen duenez ”

4.- Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak honako hau adierazten du posizio horren oinarri gisa:

a) Osasun-larrialdiko deklarazioak eragotzi egiten du hauteskunde-hitzordua normaltasunez gauzatzea. Bertan, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzorde honi dagokio askatasun publikoen egikaritza bermatzea, hauteskunde-prozesuaren gardentasun- eta publizitate-printzipioen arabera, eta kargu publikodunetara iristeko berdintasunari dagokionez.

b) Hauteskunde Batzorde honek baiesten du alderdi politikoen artean lortutako akordioak egoki haztatzen dituela osasunerako eta sufragio aktibo eta pasiborako jokoan dauden eskubideak.

c) Batzorde honen ustez, botereen arteko beharrezko oreka ezinbesteko erakunde-bermea da, eta Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorraren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko etengabeko elkarrizketan oinarritu behar da, kontrol demokratikoak aurrera jarrai dezan eta Jaurlaritzak Legebiltzarrari igorri behar dion informazioak hura egikaritzeko aukera izan dezan.