Ebazpen Batzordea: Eginkizunak

II IDAZPURUA

PROZEDURARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

 

25. Atala

 Euskal Autonomi Elkarte osorako instituzioek eta foru-instituzioek, eurek horretarako izendatutako legelari eta abokatuen bidez ihardungo dute Ebazpen Batzordearen aurrean.

26. Atala

 1.-   Arrazoietan oinarritutako idazki bidez emango zaio hasiera prozedurari; bertan zehatz eta argi utziko da zertan datzan ustez gertatu den eskuduntza-hausketa. Bidezkotzat jotzen diren alegazioak adierazi beharko dira.

 2.-   Ebazpen Batzordearen egoitzan aurkeztu beharko da idazki hori.

 3.-   Lehendakariak, unean uneko prozeduraren arabera, Batzordeko dagokion organoari deia egingo dio, hasiarazteko idazkia eta alegazioei eskuratu eta hamar eguneko epearen barruan.

27. Atala

 Ebazpen Batzordeak ofizioz edo doakionak eskatuta ebatziko du eskuduntzarik eza.

28. Atala

 Aurkeztutako eskuduntza-arazoa edo eskuduntza-auzia onartezina dela ebatzi dezake Ebazpen Batzordeak, dagokion prozedurari jarraituz, osoko bilkuraren edo lurraldeetako sekzioen aho bateko erabaki bidez, honako arrazoiren bat dagoenean:

a)  Aztertu ahal izango diren gaien artean lege honetan jasota utzi ez direnetakoren bati buruzko prozedura izatea.

b)  Funtsezko gaiari buruzko erabakirik hartu ahal izateko, hasiarazteko idazkia nabarmen edukinik gabekoa izatea.

a)    Ebazpen Batzordeak edukinari dagokionez funtsean berdina den beste prozeduraren bat jadanik ezetsirik izatea alde berberei. Onartezina dela esaten duen erabakian propio aipatuko dira aurretik ezespena emateko erabili diren arrazoiak. Honelako kasuren batean, aurrekariak alde batera utzita aztertzen badu arazoa Ebazpen Batzordeak, erabakia oinarritzeko erabili dituen arrazoiak aipatu beharko ditu behin-betiko ebazpe-nean.

29. Atala

 1.-   Konpontzeko moduko hutsak agertzen badira hasiarazteko idazkian, Batzordeak hori ez onartzeko ikusi dituen arrazoiak jakinaraziko dizkio aurkeztaileari, hamar eguneko epean hutsok zuzendu ditzan.

 2.-   Aipatutako epean zuzentzen ez badira, hasiarazteko idazkia onartezina dela ebatziko da.

30. Atala

1.-   Eskuduntza-arazoaren edo eskuduntza-auziaren hasiarazteko idazkia jaso ondoren, Ebazpen Batzordeak prozedura bakoitzean legitimaturik dauden beste instituzioei emango die horren berri, auzian edo arazoan parte hartu nahi badute, horretarako adierazten dien epean sartu daitezen.

2.-   Izapide honetan parte hartu dutenei espedientea igorriko zaie, egoki eritzitako alegazioak egin ditzaten, prozedura guztian ere partaide izango direlarik.

 3.-   Atal honetan jasota utzi den izapidearen ondorioz, eskuduntza-auziak izapidatu zituzten instituzioez bestekoak azaltzen badira, arazo hori izapidatzea eta erabakitzea lurraldeetako sekzioei dagokie, batera ihardungo dutelarik.

31. Atala

1.-   Ebazpen Batzordeak, ofizioz edo doakionak eskatuta, edonoiz eta prozeduran aurkeztu direnei entzun ondoren, batu egin ditzake eskuduntza-arazoak edo eskuduntza-auziak, beraien artean duten loturagatik batera izapidatu eta batera ebazteko arrazoiak daudenean. Hamar egunekoa baino handiagoa ez den epean egingo da aldeen entzunaldia.

2.-   Lurraldeetako sekzio batek baino gehiagok aztertzen diharduten eskuduntza auziak batera biltzea, sekziook eurok ebatziko dute elkarrekin egindako bilkuran. Horrelako kasuan, bildutako prozedurak izapidatu eta erabakitzea ere batera ebatziko dute doakien lurraldeetako sekzioek.

32. Atala

Ebazpena edo erabakia hartu baino lehenago, Batzordeak prozeduran parte hartzen dutenei jakinarazi ahal izango die aurkeztu direnez bestelako arrazoiak badirela, halakorik izanez gero, nahikoa garrantzia dutenak dena delako eskuduntza-galdakizuna onargarri edo onartezina den erabakitzeko eta, hala badagokio, horren funtsari buruz ebazteko. Entzunaldia batera egingo da, hamar egunetik gorakoa izango ez den epean, artean dagokion ebazpena edo erabakia hartzeko epea etenda uzten delarik.

33. Atala

1.-   Ebazpen Batzordeak dena delako arazoan edo auzian eragina duten espedientea, txostenak edo agiriak bidaltzeko eskatu ahal izango die horietan zerikusia duten organoei.

2.-   Horrelako kasuan, agindu dadin epean igorri beharko da espedientea, eta espedientea dagoen bulegoko buruak izango du horren erantzukizun zuzena.

3.-   Espedientea jaso ondoren, eta alde batek hala eskatzen badu, epe bat zabalduko da aldeek informazioa edo agiriak azter ditzaten, bakoitzak bere eskubideari dagokiona alegatu dezan. Agiriak eta alderdien alegazioak agerian jartzea hamar egun igaro aurretik egin beharko da.

4.-   Agiriei legez doakiekeen sekretua gordetzeko beharrezko neurriak hartuko ditu Ebazpen Batzordeak eta bai berak, arrazoietan oinarriturik zenbait ihardun zehatzetarako erabakitako sekretuagordetzeko ere. Akordio hori arrazoietan oinarritu beharko da.

34. Atala

Batzordeak, ofizioz edo doakionak eskatuta eta beharrezko erizten dionean, frogak burutzeko akordioa har dezake. Horiek egiteko modua eta garaia askatasun osoz erabakiko ditu; baina epealdia ez da sekula izango hamabost egunetik gorakoa.

35. Atala

Ebazpen Batzordeak, ofizioz edo doakionak eskatuta eta dena delako prozedura amaitu aurretik, hori izapidatzerakoan agian egin diren akatsak zuzendu edo baliozkotu beharko ditu.

36. Atala

1.-   Eskuduntza-arazo edo eskuduntza-auziren bat aurkeztu duenak atzera egin dezake bere ekintza horretan prozedurako edozein unetan, ebazpena edo erabakia eman baino lehen. Atzera egiteak prozedura amaitzea ekarriko du eta horren berri eman beharko zaio beste aldeari.

2.-   Halaber, eskuduntza-arazo edo eskuduntza-auziaren xede den gaia sorrarazi duen instituzioak, gaiari buruzko ebazpena edo erabakia eman aurretik, prozedura hasiarazteko idazkian eskatzen zena onar dezanean, prozedura bukatutzat joko da.

37. Atala

1.-   Prozedurari amaiera ematen zaioneko ebazpen edo erabakietan boto partikularrez baliatuz agertu ahal izango dira ezadostasunak.

 2.-   Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira ebazpenak edo erabakiak, eta, hala badagokio, baita doakion lurralde historikoaren aldizkarian ere.

38. Atala

Batzordeak aztertu beharreko gaien antolaketa egiterakoan, lehentasuna izango dute eskuduntza-arazoen izapidaketek auzi-prozeduren gainetik.

39. Atala

Lege honetan finkatzen diren epeak luzaezinezkoak dira, prozedurari dagokion ebazpen edo erabakia emateari buruz ezarrita dagoen epea izan ezik.

40. Atala

1.-   Epeen aipamena egunka egin dadinean, egun naturaltzat hartu behar dira egunak. Egunen kontaketa egun jakin batetik hasita egin behar denean, egun horren hurrengotik hasita egingo da kontaketa.

2.-   Epeak hilabeteka finkatuta egon daitezenean, datatik datara kontatuko dira hilabeteak. Kontaketa hasteko erabili zen eguna dataren amaierako hilean ez egotea gertatuz gero, epea hilaren azken egunean amaitzen dela joko da.

41. Atala

1.-   Legezko kausaren bat gertatuz gero, Ebazpen Batzordeko kideek ezingo dute parte hartu prozeduretan eta parte hartzen badute, ezetza eman ahal izango zaie kide horiei.

2.-   Aldeek bakarrik eman ahal izango diete ezetza prozeduretan.

3.-   Hona hemen parte hartu ezinaren eta, hala badagokio, ezetza jasotzearen kausak:

a)  Ezkontide izatea edo egitez horren parekoa den egoera edukitzea. Prozeduran parte hartzen duten aldeetakoren baten legelari edo abokatuarekiko bigarren graduko ahaidetasuna izatea, nahiz odolekoa, nahiz ezkontzakoa.

b)  Dena delako gaiarekiko lanbide mailako lotura lehenagotik izatea.

c)  Aztertzeko bere esku jartzen den gaiarekiko artezko edo zeharkako interesa izatea.

4.-   Ebazpen Batzordeko kide batek parte ez hartzeko arrazoiren bat dagoela uste badu, osoko bilkurari jakinaraziko dio, edo, bestela, prozedura dagokion sekzioari.

5.-   Prozedura bateko edozein partehartzailek Batzordeko kide baten aurkako ezezko-idazkia aurkeztuko balu, ezetza jaso duenak osoko bilkurari edo, bestela, prozedura dagokion sekzioari adieraziko dio alegatutako arrazoiak bere iritziz ukitzen ote duen ala ez. Jaso duen ezetzaren aldeko iritzia badu, gertatzen den prozeduratik kanpo geratuko da automatikoki. Hala izango ez balitz, prozedura hori dagokion osoko bilkurak edo sekzioak erabakiko du jaso duen ezetzari buruz, ukitutako kideak ezingo duelarik erabaki horretan esku hartu.

6.-   Parte hartu ezin izana gertatuz gero edo parte hartzeko ezetza ematea erabaki bada, lege honetako 13.3 atalean agindutakoa ezarriko da, Batzordearen osaketan berdintasuna bermatuz.

42. Atala

Batzordeak edo honen organoren batek egin ditzan jakinarazpenak egokientzat jotako bideez baliatuz egin ahal izango dira, baldin eta egin direla egiaztatzeko aukera ematen badute.

43. Atala

 Aldeen eta Ebazpen Batzordearen arteko ekintzak honen egoitzan gauzatuko dira. Helbide honetara bidali beharko dira Batzordeko organoei aldeek egin diezazkieten idazkiak.