2011 aza 02

"TXINA: FAKTORIA GLOBALA" PERISCOPIOKO ARGAZKI ERAKUSKETA

Eusko Legebiltzarrak, Periscopiok eta Reutersek antolatua
Lekua Eusko Legebiltzarreko kanpoko burdin hesian.
Datak: art, 04/10/2011 - iga, 11/12/2011
2011.10.04 periscopio Jaitsi

 

 

Txina erraldoiaren kontraesanak deskubritzeko gonbitea luzatzen du Arantza Quirogak "Txina: faktoria globala" izeneko argazki-erakusketaren bidez

Legebiltzarraren kanpoaldean dago kokatuta eta 23 taulatan banatutako 42 argazkik osatzen dute erakusketa.

 

Eusko Legebiltzarreko lehendakariak hasiera eman dio gaur goizean "Txina: faktoria globala" izeneko argazki-erakusketari. Aurreko zenbaitetan bezala, oraingoan ere, Legebiltzarrak eta Periscopiok elkarrekin antolatu dute erakusketa, Reuters agentziak maileguan emandako argazkiei esker.

Aurkezpen-ekitaldian, non Mahaiko gainerako kideak ere bazeuden, Legebiltzarreko lehendakariak adierazi du erakusketa "lagungarria dela Asiako erraldoiaren inguruan, hots, oso konplexua den zibilizazioaren inguruan dugun ezjakintasuna leuntzeko".

Arantza Quirogaren esanetan, "azken urteotan bere indar ekonomikoa besterik ez da aipatzen, Txinak duen garrantzi geopolitiko gero eta handiagoa. Baina ezer gutxi esaten da barruan dituen kontraesanez. "Txina: faktoria globala" erakusketak modu egokian nahasten ditu estetika fotografikoa, giza errealitatea eta gizarte-kontrastea, kontraesan horiek erakusteko".

Legebiltzarreko lehendakariaren ustez, "irekitze ekonomikoak milioika txinatar atera ditu pobreziatik, eta gaur egun bizi-maila handiagoa dute horri esker. Batez besteko bizi-mailak gora egin du nabarmen. Hala ere, politikaren arloan irekitze hori mugatua izan da. Adierazpen-askatasuna ezdeusa da oraindik. Txinako gobernuak ahalguztiduna izaten segitzen du, eta disidenteak jazarri eta giltzaperatzen ditu.

"Txinak atabismo totalitarioak pairatzen ditu oraindik, esaterako, familia bakoitzak izan dezakeen seme-alaben kopurua mugatua dago. Txinan oraindik ez da askatasun politikorik giroan, eta hori gabe oparotasun materiala beti geratuko da motz eta eskas. Hori da, azpimarratzen du Arantza Quirogak, erakusketa honek ere agerian uzten duen beste errealitatea".

 

 

Gainera, erakustaldi honek injustiziari aurre egiteko adorea duten txinatar horiei omenaldia egin nahi die, hala nola Nobel Saria jaso duen Liu Xiabo ekintzaileari, gaur egun ezberdin pentsatzeagatik kartzelatuta dagoen horri.

"Edonola ere, egungo krisi ekonomiko globalak ezer argi utzi badu, hura da Txina pisuzko eragile gisa heldu dela, eta gero eta gehiago izango dela hala. On egingo genuke bere errealitatea ezagutuz, adierazi du Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, duen garrantzia hobeto ulertzeko".