2017 mai 16

HAURREN OSOKO BILKURA

Aldeas Infantiles SOS elkartearen laguntzarekin antolatuta, Euskadiko ikasleek eskola-jazarpenaren kontrako errespetuaz eta bizikidetasunaz hausnartu dute.
Lekua Osoko Bilkuren aretoa
Datak: art, 16/05/2017 - art, 16/05/2017
Ordua: 12:00
Emisioa:
  • Kanala 1
  • HAURREN OSOKO BILKURA Haurren osoko bilkura Jaitsi

    Hiru lurralde historikoetako hirurogeita hamabost ikaslek hartu dute parte haurren bilkuran, eta konpromiso batzuk proposatu dituzte, gero hautestontzi batean bozkatu dituztenak.

    Beren ikasgeletan, aldez aurretik, landu dute "Besarkatu zure balioak" Aldeas Infantiles SOS-en ikasmateriala. Euskadiko Haur eta Lehen Hezkuntzako 8.600 ikaslerengana iristen da material hori. 

    Oiongo (Araba) San Bizente Ikastola, Zamudioko (Bizkaia) Bizkaia ikastetxea eta Legazpiko (Gipuzkoa) Domingo Agirre ikastetxeetako zenbait ikaslek parte hartu dute ekitaldi horretan egun batez legebiltzarkide lanak eginez, eta gizarte hobea eraikitzeko dituzten proposamenak partekatu dituzte. Eusko Legebiltzarrean egin den haurren osoko bilkuran izan da, "Besarkatu zure balioak" Aldeas Infantiles SOSen hezkuntza-programaren baitan. Euskadiko 86 ikastetxetako Haur eta Lehen Hezkuntzako 8.600 ikaslek lantzen dute programa hori.

    Bakartxo Tejeria Otermin Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, mahaikideek, talde parlamentarioen ordezkariek eta Pedro Puig Perez, Aldeas Infantiles SOSeko lehendakariak parte hartu dute ekitaldian, Euskadiko Lehen Hezkuntzako hirurogeita hamabost haurrekin batera. 

    Lehenik eta behin, Mahaiko ordezkariak aukeratu dituzte ikasleek, haien hitzaldiak entzun ondoren. Hautagaiak honako hauek izan dira: Anne Ansotegui Fernandez eta Jon Crespo Romay (San Bizente Ikastola), Nerea Carranza Merodio eta Guillermo Iparraguirre Saez (Bizkaia ikastetxea) eta Luken Franco Lobo eta Izaro Martin Lopez (Domingo Agirre ikastetxea). Haiek guztiek adierazi dute Euskadiko bizitza hobetzeko asmoa dutela, eta bat etorri dira aukeratuak izanez gero gauzatuko lituzketen proposamen batzuetan. Luken izan da Legebiltzarreko lehendakaria, Nerea lehenengo lehendakariordea, Anne bigarren lehendakariordea, Jon lehenengo idazkaria, Izaro bigarren idazkaria eta Guillermo legelari nagusia

    Eguerdiko 12:00etan, "botere-aldaketarekin" hasi da bilkura, Bakartxo Tejeria lehendakariaren eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideen eskutik. Mahaikideek beren tokiak utzi dizkiete bilkura gidatu duten ikasleei, eta haiek hartu dute mahaiburutza, Mahaiko kideek eman dizkieten aholkuak entzun ondoren.

    Behin haurren legebiltzar Mahaia osatuta, Bakartxo Tejeria lehendakariak, Mahaiko kideek, Pedro Puig Perez Espainiako Aldeas Infantiles SOSeko lehendakariak eta gainerako gonbidatuek palkoak bete dituzte. Haiek guztiek arretaz jarraitu dute osoko bilkura palko horietatik. Guztiak eseri ondoren hasi dira ikasleen hitzaldiak.

    Tribunatik, ikastetxe bakoitzeko bi ikaslek irakurri dituzte beren ikaskideekin batera geletan prestatu dituzten idazlan eta konpromiso guztiak. Eskola-jazarpenaren kontrako errespetua eta bizikidetasuna, horiexek izan dira ikasturtean zehar landu dituzten balioak, eta haien idazlanak ere, hain zuzen ere, gai horri buruzkoak izan dira.

    Oiongo (Araba) ikastetxearen aldetik, Asier Laka Calderonek eta Naroa Jimenez Gutierrezek parte hartu dute. Biek hitz egin dute enpatiaren, asertibitatearen eta berdintasunaren balioak lantzearen garrantziaz;  eta adierazi dute  “gu tratatzea nahi dugun bezala trata ditzagun gainerakoak, ez dezaten sufritu ezta minik sentitu ere”.

    Arai Barragan Olazabal eta Maria Lopez Carrillo ikasleek hitz egin dute Zamudioko (Bizkaia) ikastetxearen izenean. Biek Arthur Schopenhauer-en “trikuaren dilema” izeneko parabola kontatu dute, gainerakoak errespetatuz bizitzearen garrantzia azpimarratu nahian. “Erlaziorik onena da banako bakoitzak gainerakoen akatsekin bizi izaten eta bere ezaugarriak miresten ikasten duen hura”, ziurtatu dute.

    Azkenik, Saioa Blanco Gutierrez eta Mikel Pinilla Beitialarrangoitia izan dira Legazpiko (Gipuzkoa) Domingo Agirre ikastetxearen bozeramaileak. Biek seinalatu dute gauzatzen dituztela errespetua eta ikasgelan partekatutako balioak eta horrela ikasi dute: “ikasle guztiak desberdinak dira, kultura edo ohitura jatorri desberdinetakoak direlako; eta pertsona guztiek zoriontsuak izateko eskubidea dute”. Eta ondorioztatu dute: “Posible den guztia egingo dugu hura lortzeko”.

    Hitzaldiak eta konpromisoak irakurri ondoren, legebiltzarkide gazteek hautestontzian sartu dute beren botoa, eta aukeratuko den enuntziatua betetzeko konpromisoa hartu dute. Boto kopuru handiena lortu duen konpromisoa 10. izan da, 19 botorekin: "Ez dugu inor baztertuko eta ez dugu onartuko beste ikasleek norbait baztertzea”. Bigarrenean  eta hirugarrenean berdinketa izan da 16 botorekin. 8. eta 11. konpromisoek esaten dute: “Gatazka bat dagoenean, zerbait egitekotan, kontuan hartu behar dira aktore guztiak: biktima, erasotzailea, konplizeak eta, bereziki, arazoaren berri izan arren hori eragozteko ezer egiten ez duten pertsonak” eta “Eraso baten aurrean ez gara isilduko eta irakasleei zein gurasoei, gertatzen ari dena kontatuko diegu”.