2019 abe 09

"Arartekoak herritarren eskubideak babesten lagundu du, bereziki pertsona ahulenak", azpimarratu du Eusko Legebiltzarreko presidenteak.

"Pertsonak berak eta beraien duintasuna babestea izan behar da politika publikoen erdigunea, eta horrek eskatzen du giza eskubideekin lotutako baloreek guztia kutsatzea", gaineratu du.

Sortu eta hogeita hamar urtera, "Arartekoa herri honetako instituzioen funtsezko atal bat da, erakunde gazte eta kontsolidatua", adierazi du Eusko Legebiltzarreko presidenteak, 30. defentsoriaren urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionalean.

"Beren ekintzen bidez, eta euskal administrazioen politika publikoei buruz egin dituen diagnostikoen bidez, Eusko Legebiltzarraren goi komisionatuak herritarren eskubideen babes eta zaintza hobe bat garatu du, batez ere zaurgarriak diren pertsonei begira, edo bazterketa, diskriminazio edo prekarietate sozialeko egoeran edo arriskuan daudenei begira", azpimarratu du.

"Instituzioa erabat finkatuta dago gure gizartean, Ararteko izan diren -guztiei dedikazioa eskertu die- eta defentsoria osatu duten langile guztien lanari esker", azpimarratu du. Era berean, Bakartxo Tejeria ziur agertu da erakunde horrek "gero eta garrantzi handiagoa izango duela aurrerantzean, gaurko gizarteak botere publikoei ezinbesteko eginbehartzat planteatzen digulako sakontzea kalitate demokratikoan, gardentasunean, herritarren parte-hartzean eta talde sozialekiko solaskidetzan”.

"Giza eskubideak direla gure demokraziaren eta elkarbizitzaren oinarria” konbentzituta, Eusko Legebiltzarreko presidenteak azaldu du “pertsonak berak eta beraien duintasuna babestea izan behar duela politika publikoen erdigunea, eta horrek eskatzen du giza eskubideekin lotutako baloreek guztia kutsatzea". “Guztion egin beharra da eta Arartekoaren instituzioaren erantzukizuna da, besteak beste, hori hala beti izan dadin eragitea”, gaineratu du.

Eusko Legebiltzarrean eta Europa Jauregian egin den ekitaldian, Bakartxo Tejeriak Eusko Legebiltzarreko Izaroa, Eusko Legebiltzarraren irudia, eman die ararteko guztiei, eta horiek ere sinatu dute ohorezko liburuan. Bakartxo Tejeria lehendakariarekin batera, Legebiltzarreko ordezkaritza zabala izan da Urkullu lehendakaria eta Manuel Lezertua Arartekoa buru izan dituen ekitaldian.