2019 eka 24

Eusko Legebiltzarreko lehendakariak parte hartu du “Indalecio Prieto. La nación española y el problema vasco. Textos políticos” liburuaren aurkezpenean

Liburua Euskal Herriko Pentsamendu Politiko eta Sozialaren Klasikoen bildumaren barne argitaratu da
Liburuaren aurkezpena: Indalecio Prieto. La nación española y el problema vasco. Textos políticos Jaitsi

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak ireki du Tomas Moro aretoan egin den liburuaren aurkezpen ekitaldia.

Euskal Herriko Pentsamendu Politiko eta Sozialaren Klasikoen Bildumaren barruan, Ricardo Mirallesek “Indalecio Prieto. La nación española y el problema vasco. Textos políticos” liburua aurkeztu du.

José Luis de la Granja eta Antonio Rivera izan dira hitza hartu duten adituak Indalecio Prietoren irudiari buruz hausnartzeko. Haren garaiko errealitate politikoaren eraldaketari eta euskal auziari egindako ekarpena aztertu dute.

Jardunaldia Eusko Legebiltzarrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) antolatu dute Indalecio Prietori buruzko liburua aurkezteko, Euskal Herriko Pentsamendu Politiko eta Sozialaren Klasikoen bildumaren barnean argitaratu dena.

Liburuaren aurkezpena izan ondoren, UPV/EHUko Historia Garaikideko katedradunek, José Luis de la Granjak eta Antonio Riverak, hitzaldiak eman dituzte Indalecio Prietok euskal auziari egindako ekarpena aztertuz.

Jose Luis de la Granja izan da hitzaldien txanda irekitzen lehena, "Indalecio Prieto eta José Antonio Agirre, Euskadiko guraso fundatzaileak" izenburuko hitzaldiarekin. Ondoren, Antonio Riverak "Indalecio Prieto: autonomiaren ubide, nazionalismoaren dike” gaiari buruz hitz egin du.

Eusko Legebiltzarrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, indarrean duten harreman-esparruaren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Pentsamendu Politiko eta Sozialeko Klasikoen bilduman parte hartzen dute.

Bilduma horren bidez, bi erakundek, 2010ean sinatutako Lankidetza Hitzarmenean agertzen den bezala, ezagutzera eman nahi dituzte Euskadiko Aro Modernoko eta Garaikideko hainbat eragileren pentsamendu politiko eta sozialaren esparruko oinarrizko obrak.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Legebiltzarrak koeditatutako bilduma horren barruan, argitaratu eta aurkeztu berri da aipatutako liburua: "Indalecio Prieto. La nación española y el problema vasco. Textos políticos ".