2020 urt 31

Eusko Legebiltzarreko presidenteak 40. urteurreneko ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, legebiltzarkideak eta ganberako langileak

Bakartxo Tejeriak, Mahaiko kideekin batera, Eusko Legebiltzarraren 40. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldi nagusiak aurkeztu ditu

"Martxoaren 31n 40 urte beteko dira Eusko Legebiltzarra eratu zenetik, eta hori ospatzeko eta egindako bide luzearen errepasoa egiteko, Legebiltzarreko Mahaiak hainbat ekitaldi eta jarduera programatu ditu, urte osoan zehar garatuko direnak", azaldu du Eusko Legebiltzarreko presidenteak.

Gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egindako prentsaurrekoan, Bakartxo Tejeriak efemeride hori ospatzeko antolatutako ekitaldi nagusien berri eman du. Hitzaldian adierazi duenez, "ospakizun honetan parte hartzeko nahia adierazi nahi diegu herritar guztiei, oro har, baita 40 urte hauetan Eusko Legebiltzarrean parte hartu duten eta parte hartzen lagundu duten pertsona guztiei ere: 504 legebiltzarkide, 1058 langile, eta komunikabideetan lan egiten duzuen guztioi".

Eusko Legebiltzarreko presidentearekin batera izan dira Eba Blanco lehen presidenteordea, Txarli Prieto bigarren presidenteordea, Iñigo Iturrate lehen idazkaria, Cristina Macazaga bigarren idazkaria eta Andoni Iturbe Legebiltzarreko legelari nagusia.


Jarraian, programatutako ekitaldi nagusiak deskribatzen dira.

 

Gernikako zuhaitzaren kimu bat landatzea

Datorren otsailaren 3an 40. urteurrenaren ospakizunari hasiera emango da, Gernikako arbolaren kimu hori landatzeko ekitaldi formalarekin.


40. urteurreneko argazki erakusketa

Erakusketa honen helburua Eusko Legebiltzarraren historia eta ibilbidea herritarrei hurbiltzea da, eta helburu horrekin jarriko da ikusgai Legebiltzarraren kanpoaldean. Otsailaren 3an, lehen zatia ikusteko aukera izango da eraikineko burdin hesian.

Erakusketa otsailetik azarora bitartean mantenduko da, eta lau fasetan banatuko da. Otsailetik martxora, egoitzaren eta I. eta II. legegintzaldien historia errepasatzen duten argazkiak erakutsiko dira. Apiriletik ekainera, III., IV. eta V. legegintzaldietakoak izango dira ikusgai egongo direnak. Uztailetik irailera, VI., VII. eta VIII. legegintzaldietakoak Eta urritik abendura, IX., X., XI. eta XII.etakoak (baldin badaude).


Ate irekien kultur jardunaldiak

Otsailean, ate irekien kultur jardunaldiak ere hasiko dira. Hilabete bakoitzeko ostiral batean, Legebiltzarreko ateak irekiko dira, herritarrek hiriko programazioaren barruko kultur jardueretan parte hartu ahal izan dezaten, Gasteizko Udalarekin eta hainbat kultur eragilerekin lankidetzan.

Jardunaldi horietako lehena otsailaren 21ean izango da, eta Samaniego abesbatzaren emanaldia izango da.


Urteurrenaren ekitaldi nagusiak

Martxoaren 31n beteko dira 40 urte Eusko Legebiltzarra eratu zela, eta hori ospatzeko bi ekitaldi nagusi antolatu dira:

Lehenengoa martxoaren 28an izango da, eguerdiko 12:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertara legealdi guztietako parlamentariak, legealdi guztietako Gobernuak, Parlamentuko langileak eta erakundeetako eta gizarteko ordezkariak egongo dira gonbidatuta. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren emanaldia izango da. Bertan, Eusko Legebiltzarraren 40 urteko historiari buruzko dokumental bat proiektatuko dute.

Eusko Legebiltzarraren eraketa oroitzeko ekitaldia Gernikako Juntetxean, 2020ko martxoaren 31n.

Lehenengo Eusko Legebiltzarra Gernikako Batzar Etxean eratu zen, eta bertan egingo da 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionala. Bertan izango dira egungo Legebiltzarra, I. legealdiko legebiltzarkideak eta hildakoen senideak, egungo Gobernuko kideak, Eusko Legebiltzarreko presidente ohiak eta Jaurlaritzako lehendakari ohiak.


Legealdi guztietako emakume parlamentarioekin ekitaldia

Udaberrian, apirilean edo maiatzean, ekitaldi bat egingo da, eta bertan bilduko dira 11 legealdi hauetan legebiltzarkide izan diren 167 emakumeak (504 legebiltzarkideetatik).


Izaro- Nestor Basterretxearen erakusketa

Nestor Basterretxearen Izaro da osoko bilkuren aretoko buru, eta Eusko Legebiltzarraren ikur nagusia. Hori dela eta, erakusketa bat egingo da eskultura horren intrahistoriari buruz, sortu zenetik logotipo bihurtu eta jendaurrean jaso arte.

Eusko Legebiltzarrak eta Bilboko Arte Ederren Museoak antolatutako erakusketak "Izaro arte" izena izango du. Maiatzean irekiko da jendearentzat, eta uztailaren amaierara arte ikusi ahal izango da Legebiltzarreko sarrera nagusian. Basterretxea familiaren laguntza du, eta Peio Agirre arte komisarioak eta Miriam Alzuri Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketen arduradunak zuzenduko dute –biek koordinatu zuten eskultore bermeotarraren atzera begirako "Forma eta unibertsoa" erakusketa –


Legeen Geroaren III. Mintegia

Eusko Legebiltzarrak duela hiru urtetik hona Legeen Geroa mintegia antolatzen du, lege erreferentzialak ebaluatzeko urte batzuk igaro ondoren. Oraingo honetan, Legebiltzarraren 40. urteurrenarekin eta Arartekoa sortzeko legearen 35. urteurrenarekin bat eginez, erabaki da Arartekoaren lege horri eskaintzea. Arartekoarekin batera antolatuko da mintegia, eta bi jardunalditan egingo da, apirilaren 21ean eta 22an.


San Domingoko arkua Legebiltzarrean birkokatzea

San Domingo komentu zaharreko arkuetako bat -XIII. mendeko eraikin haietatik kontserbatzen diren bi elementu bakarretako bat- XX. mendearen ia bi herenetan bere etxea izan zenera itzuliko da. Izan ere, klaustro zaharraren arkua garai hartako Gasteizko irakaskuntza ertainetako institutuaren eguneroko bizitzaren zati izan -erabilera hori izan zuen Legebiltzarraren eraikinak, egungo egoitza legegile bihurtu aurretik–.

Legebiltzarrak eskatuta, Arabako Foru Aldundiak arku hori laga dio; gaur egun, San Prudentzio egoitzako lorategietan dago.

Maiatzean, Legebiltzarrak berak bultzatutako zaharberritze lanak amaitzen direnean, sarrera nagusiko lorategian jarriko da.


Eusko Legebiltzarraren ikastaroa, EHUren Donostiako Udako Ikastaroen esparruan

Uztailean, Eusko Legebiltzarraren Udako Ikastaroa 40. urteurrenarekin lotuta egongo da. Ikastaroak ”Eusko Legebiltzarreko 40. urteurrena: atzerazko begirada” izango du izena.

 

Euskarazko testu juridikoen erakusketa

Euskara gure historiaren eta kulturaren ardatz da. 40 urte hauetan, Euskal herritarren eguneroko bizitzan, oro har, eta,  bereziki, Legebiltzarreko jardueran euskarak izan duen bilakaera gure herrialdean izandako aldaketen beste erakusleetako bat da. Horregatik, euskarazko testu juridikoen erakusketa ibiltari hau 40. urteurreneko ekitaldien egitarauan sartu da.

Erakusketa, Eusko Legebiltzarraren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenaren baitan antolatua, udazkenean zabalduko da, eta, lehenik eta behin, Legebiltzarrean kokatuko da, ondoren, beste ganbera eta erakunde batzuetara eramateko.


40. urteurrena ospatzeko kontzertua, Donostiako Orfeoiak eskainita

Donostiako Orfeoiak kontzertua eskainiko du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, urriaren hamaseian.


2001-2020 aldiko “Denboraren lekukoak: Begirada” argazki liburuaren argitalpena

40. urteurrenaren baitan, Eusko Legebiltzarrak "Denboraren lekukoak: begirada 2001-2020" argazki liburua argitaratuko du, erakundearen azken hogei urteak bilduko dituena, eta jarraipena emango dio 20. urteurrenaren harira argitaratu zenari: " Denboraren lekukoak: begirada 1980-2000".