2019 urr 18

Eusko Legebiltzarrean aurkeztu da 2019ko Nazio Batuen Biztanleriaren Fondoaren (UNFPA) txostena

Populazio, Garapen eta Ugalketa Osasunari buruzko Euskal Taldeartekoa da jardunaldiaren antolatzailea.Bertan parte hartu dute: Luis Morak, Nazio Batuen Biztanleriaren Fondoaren (UNFPA) Genero, Giza Eskubide eta Kultura sailaren arduradunak; Izaskun Landaidak, Emakunderen zuzendariak; Ana Ramirez de Ocarizek, FPFE/Emaize elkartearen izenean; eta Iñigo Iturratek taldeartekoaren ordezkari gisa

"Zain dagoen kontua. Eskubideak eta aukerak pertsona guztientzat" izeneko txostenak aztertzen ditu gizarte zibilak, gobernuak, garapen-erakundeek eta UNFPA erakundeak azken 50 urteotan egindako jarduera konbinatuak; jarduera horiek aukerak eta hautabideak eman dizkiete mundu osoko emakume, gizon eta neska-mutilei.

Hala ere, oraindik bide luzea dago egiteko, emakume eta neska guztiek beren eskubideak erabat gauzatzeko gaitasuna eta baliabideak izan arte, beren gorputzen gain agintzeko eta beren sexu- eta ugalketa-osasunaren gaineko erabakiak hartzeko.

Legebiltzar taldeartekoak, taldean lan eginez,  indartu egiten ditu eremu honetan egiten diren ahaleginak euskal eta nazioarteko eremuetan gai hauen inguruko kontzientziazioa areagotzeko, eta Populazio eta Garapenari buruzko Nazioarteko Konferentziaren Ekimen Programaren alde egiteko.

Sexu- eta ugalketa-osasunerako sarbide unibertsala lortzea ez da eskubideen kontua soilik; aitzitik, ezinbestekoa da garapenerako beste helburu batzuk lortzeko, besteak beste Garapen Jasangarrirako Helburuak.

Gaur egun, emakume asko haien amak baino hobeto bizi dira, eta haien alabentzako aukerak hobeak dira oraindik. Itxaropen hori, neurri handi batean, guztiontzako askatasun eta eskubide sexualak eta ugalketa-eskubideak benetan baliatzean datza.

Helburu hori lortzeko asmoz, Gobernuek, gizarte zibilak eta nazioarteko erakundeek borroka egin dezakete ondoko helburuak lortzeko:

HIRU ZEROAK:

Antisorgailuen arloan ez egotea ase gabeko beharrik

Amen heriotzak ez gertatzea, saihestu badaitezke

Emakumeak eta neskatoak indarkeriaren edo praktika kaltegarrien biktima ez izatea

 

Txostenaren zifrak eta ekintzak:

- Bizirik jaiotako 100.000 biztanleko, haurdunaldiarekin lotutako kausek eragindako emakumeen heriotza kopurua, mundu osoan: 369, 1994an; 216, 2015ean.

- Antisorgailu modernoen erabileraren munduko tasa: 24, 1969an; 52, 1994an; 58, 2019an.

- Munduko ugalkortasun-tasa, edo emakumeko batez besteko jaiotzak: 4,8 jaiotza, 1969an; 2,9 jaiotza, 1994an; 2,5 jaiotza, 2019an.

- Sexu- eta ugalketa-osasuneko zerbitzuen behar asegabe gehienak talde baztertuen artean erregistratzen dira, talde etniko minoritarioak barne; gazteen artean; ezkongabeen artean; lesbianen, gayen, bisexualen, transgeneroen eta intersexualen artean; desgaitasunen bat duten pertsonen artean; eta landa- eta hiri-eremuetako pobreen artean.

- Gaur egun bizi diren 800 milioi emakume neskak zirenean ezkondu zirela kalkulatzen da.

- Larrialdi egoeran dauden herrialdeetan, egunero 500 emakume eta neska baino gehiago hiltzen dira haurdunaldian eta erditzean.