2019 aza 22

Eusko Legebiltzarraren prozedura parlamentarioaren simulazioa

Proiektu hau Deustuko Unibertsitateko eztabaida taldean parte hartzen duten ikasle batzuen ekimena da, Eusko Legebiltzarraren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmenari esker gauzatua

Deustuko Unibertsitateko ikasleek Eusko Legebiltzarraren legegintza-prozesu osoa simulatu dute

 

Bigarren urtez jarraian, “ekinez” ikasten dute parlamentuaren lana, legebiltzarra irudikatuz, gobernua, 75 legebiltzarkideak, 5 talde, aholkulari eta legelariak, eta une berean  batzordeak, ponentziak eta osoko bilkura jorratuz.

 

Ikasleek hiru proposamen eztabaidatuko dituzte: Euskadiko Kooperatiben lege-proiektua eta Diru-sarrerak bermatzeko errenta planari eta Euskal Memoria Historikoari buruzko lege-proposamenak.

 

Lehenengo osoko bilkura Eusko Legebiltzarraren egoitzan egingo da, beste biak Deustun izango dira.

 

 

Deustuko Unibertsitateak azaroaren 22 eta 23an Eusko Legebiltzarraren bigarren simulazioa egingo du. Proiektu hau, eztabaida-klubari lotutako ikasleek diseinatutako ekimena da, eta Eusko Legebiltzarraren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko etengabeko hezkuntza-lankidetzak ahalbidetzen du

 

Simulazioan, ikasleek eginez ikasten dute, hau da, legegintzako prozesu osoa simulatzen dute, Eusko Legebiltzarrarena eredu gisa hartuta. Urtero hiru ekimen izapidetzen dira, hasieratik amaierara: testuaren idazketa, zuzenketa-fasea, eztabaida-fasea (ponentzian eta batzordean) eta azken eztabaida eta  bozketa Osoko Bilkuran. Eusko Legebiltzarraren prozesua zehazki erreproduzitzen da, Gobernua, 75 legebiltzarkide, bost talde parlamentariak, haien aholkulariekin, txostenekin, ponentziekin eta osoko bilkurarekin. Simulazioaren baitan, hiru osoko bilkura egingo dira: bi Deustuko Unibertsitatean eta bestea Eusko Legebiltzarreko egoitzan bertan.

 

Eta aurten, azterketarako eta eztabaidarako erreferentzia gisa, izapidetzen ari diren edo Eusko Legebiltzarrean 2019. urtean zehar tramitatu diren hiru ekimen legegile hartu dira. Horretarako, Euskadiko Kooperatiben Lege-proiektua eta Diru-sarrerak bermatzeko errenta planaren eta Euskal Memoria Historikoaren lege-proposamenak aukeratu dira. Halaber, euskaraz eta gaztelaniaz, bi hizkuntza ofizialetan lan egingo dute.

 

Hiru legegintza-ekimen simulatuak zuzenketa fasean dira une honetan. Bi astean, ponentzian eta batzordean eztabaidatu dira. Azkenik, hiru batzordeen irizpenak osoko bilkurara eramango dira.

 

Hiru osoko bilkura simulatu egingo dira: lehenengo osoko bilkura Eusko Legebiltzarraren egoitzan bertan, azaroaren 22an, ostirala, 13:00etatik aurrera, eta bertan Euskadiko Kooperatiben Legearen proiektu simulatua eztabaidatuko da; beste bi simulazioak Bilbon, Deustuko Unibertsitatean egingo dira.

 

Euskadiko Kooperatiben Lege-proiektuari dagokionez, gaiak duen berezitasuna aintzat hartuta, ikasleei aldez aurreko prestakuntza eman zaie kooperatibetan, eta Kooperatiben Lege-proiektua simulatua idazteko lanetan aritu dira. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako testua hartu dute oinarritzat, nahiz eta testu osoa ez landu, baizik eta, lege-proiektuaren testuko artikulu batzuk, 1-58 eta 78-101 artikuluak,  hain zuzen. Zuzenketa simulatuak eta abar idazteko Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldiak eta taldeek aurkeztutako zuzenketak aztertu dituzte. Hau da, Legebiltzarreko ponentzian oso aurreratua dagoen benetako lege-proiektuarekin paraleloan lan egin da.

 

Lan-prozedura berari jarraituta,  beste bi osoko bilkurak  Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusean egingo dira, azaroaren 22an eta 23an, eta bertan Euskal Memoria Historikoari eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta Planari buruzko legearen proposizioak eztabaidatuko dira.