2019 ira 16

Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriak eta Roger Torrent presidenteak elkarrizketa eskatzen dute politika judizializatzearen aurrean

Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta Mahaiko kideek Kataluniara egindako bisita instituzionalean.

Roger Torrent presidenteak gaur arratsaldean jaso du Bakartxo Tejeria lehendakaria buru duen Eusko Legebiltzarreko Mahaia. Ekitaldi instituzionalean, audientzia-bulegoan egin dena, bai Torrentek eta bai Tejeriak elkarrizketaren aldeko apustua egin dute politikaren judizializazioaren aurka.

Eusko Legebiltzarreko presidenteak “hitza eta elkarrizketa” aldarrikatu ditu, “ezinbesteko tresnak baititugu politikan eta instituzioen arteko harremanetan”. “Elkarrizketa eskatzen dugu bizipenak elkar trukatzeko, bai eta gatazkak bide baketsu eta demokratikoetatik konpontzeko ere”, azpimarratu du. “Elkarrizketa politikoa, herriaren borondate legitimoari erantzungo dioten irtenbide politikoak lortzeko; elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa, politika judizializatzearen ordez”, azaldu du.

Kataluniako Parlamentuaren harrera katalanez eskertuz, Bakartxo Tejeriak “Euskaditik arretaz jarraitzen diegu Kataluniako berriei” aipatu du bere agerraldian,  “hala erakusten dute Eusko Legebiltzarrak egindako hainbat adierazpenek”, esan du.

“Kataluniako herriaren subiranotasunaren egoitzan”, Agirre lehendakariaren hitzak bereak egin ditu Legebiltzarreko presidenteak: “Beti Kataluniarekin”. “Hitz horiek, beste ezerk baino hobeto laburbiltzen baitute Kataluniako Herria eta Euskal Herria historian zehar batu dituzten eta batzen dituzten adiskidetasun eta konplizitatezko lotura estuak”, nabarmendu du. Kataluniako Parlamenturako bisita honekin, harreman hori sendotzea espero du, zeren, Agirre lehendakariak zioenez, “askatasun kataluniarraren kausa euskal askatasunaren kausa da”, amaitu du.

Torrent presidenteak - Josep Costa presidenteordearekin eta Eusebi Campdepadrós, David Pérez eta Adriana Delgado idazkariekin lagunduta -  defendatu du  unearen anormaltasun demokratiko larriaren aurrean" Kataluniako Parlamentuaren eta Euskadiko Ganberaren arteko bileran "erakundeen lankidetza espazioa sortzen laguntzen duela, eta horrek irtenbide politikoetara bideratzen lagunduko duela Estatuaren esparruan; lagunduko duela judizializazioa ordezkatzen, elkarrizketa, negoziazioa eta herritarren gehiengoaren borondatea errespetatuz ".

Torrent presidenteak ordezkariei ongi etorria euskaraz eman ondoren, bi herriak batzen dituen adiskidetasun historikoaren loturak baloratu ditu, eta gogoratu du "armagintzarako eraikina eta Kataluniako herriaren aurkako errepresioaren sinboloa, 1931n eztabaida demokratikoaren tenplua bihurtu zen ". Keinu bat", " Kataluniako herriaren bakearekin, elkarrizketa politikoarekin eta askatasunarekin konpromisoak adierazten duela esanahiaz beteta", "demokrata guztiak interpelatzen dituela, bereziki bizi garen bezalako salbuespen uneetan".

Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriak Kataluniako Parlamentura bisita egin du Eba Blanco lehen lehendakariordeak, Txarli Prieto bigarren lehendakariordeak, Iñigo Iturrate lehen idazkariak, eta Cristina Macazaga bigarren idazkariak lagunduta.

Mosso D'Esquadren formazio batek ordezkaritza jaso du Parlamentuaren Jauregian. Harrera instituzionalaren ostean, Tejeria lehendakariak eta gainerako mahaikideek Ganberaren ohorezko liburuan sinatu dute eta Osoko Bilkuraren aretoa bisitatu dute.

Gero Euskal Legebiltzarreko eta Kataluniako Mahaikideek lehen lan-bilera izan dute Mahaiaren aretoan. Bihar, goizeko hamaiketatik aurrera bi ordezkaritzek beste lan-bilera bat mantenduko dute eta, geroago, Eusko Legebiltzarreko ordezkariak Generalitateko Palau-ra joango dira, Quim Torra lehendakariak jasoko dituen egoitzara.